Ixiar Rozasen Narrugorrik liburuaren aurkezpena

Ixiar Rozasen Narrugorrik liburuaren aurkezpena

Narrugorrik Ixiar Rozasen poesia eta pentsamenduaren une gorena da. Poesiaren zaleei eta esperimentazioaren bila dabiltzanei ezinbesteko oparia.

Irudimenak bi aho ditu, gutxienez bi, zein baino zein hezeago.

Arnas bihurtu ginen ibilera hartan, lurrari emanak, aireari emanak. Narrua huts, hats, ez narrats, narruari hats. Nola soinu baten bibrazioa, hezurretan. Nola sentsazio lipar hori bihurtzen den memoria zati bat. Nola animaliaren dardara heredatu dugun. 

Hazi baten antzera, indar horren guztiaren intentsitatean. Horrela biziraun dute hotsek. Horrela biziraungo gaituzte, hitzak barne, edozein eztarriko zintzurretan, paisaiako marketan, txorien kantuan, belarri-zuloetan, ahoen harreman erotikoan.

 

Ixiar Rozas Elizalde

Ahotsa, lengoaia eta haien soinuak lantzen ditu. Bere liburu eta materialak hainbat herrialde eta hizkuntzatan kaleratu dira. Sonar la voz. 9 ensayos y 9 partituras (2022 consonni), Unisonoa (2020 Pamiela; Bandcamp), Beltzuria (2014 Pamiela; 2017 Enclave) eta Negutegia (2006 Pamiela; 2009 Itaca) dira bere azken lanetako batzuk. Besteak beste, Idoia Zabaleta, Bigara, Rafael Martínez del Pozo, Mursego, Ainara LeGardon, Ibon RG eta Mal Pelorekin aritu da lankidetzan. Azala espazioko kide eta «Zirriborroak eta gero/ Borradores del futuro» proiektuaren editorea izan da. Egun irakaslea eta Azkuna Zentroko ikertzaile kidea da (2025-2026). 

 

Miriam Inza

Sorkuntzako eta Diseinuko Graduaz gozatu nuen (2017), eta, ondoren, Arte Ikerketa eta Sorkuntzako Masterra egin nuen (2018), biak EHUko Arte Ederretako Fakultatean, Bilbon. Harrezkero, edo agian lehenagotik, komunikazio-ekintzak interesatzen zaizkit, eta nire praktika plastikoa horiek oztopatzea, aldatzea edo desbideratzea da. Irudi grafikoarekin, ahotsaren soinuarekin eta, batez ere, testuarekin lan egiten dut. Beste bizitza batean inprentera izan banintz ere, tesi bat egitea erabaki dut, akatsak eragiteko balio duten estrategia artistikoei buruzkoa. Tesi hori Eskultura eta Arte eta Teknologia Sailean (EHU) egiten ari naiz, Euskal Herriko Unibertsitatearen doktoratu aurreko beken laguntzarekin.

in 10 hours
Antiliburudenda
2 de Mayo 2
Add to calendar
Download flyer